lunes, 16 de septiembre de 2013

Txoritara joateak txoratuta nauka

Hegaztien behaketaren zaletasun honek txoratuta nauka. Garai honetan gainera, migrazioari esker, hainbat eta hainbat espezie ezberdin ikus ditzakegu. Batzuek, uda hemen igaro dute eta laister joango dira. Beste batzuek, aldiz, Plaiaundin tartetxo bat egingo dute ondoren hegoalderatz abiatzeko.

Uda honetan, Euli-txori Beltz ugari egon da parkean. Oraindik, zenbait egun igaroko dituzte hemendik, Afrikako mendebalderantz negua pasatzera joan arte, alegia. Normalean, urri aldera migratzen dute.

Euli-txori Beltza - Papamoscas Cerrojillo - Pied Flycatcher

Euli-txori Beltza - Papamoscas Cerrojillo - Pied Flycatcher

Euli-txori Beltza - Papamoscas Cerrojillo - Pied Flycatcher

Euli-txori Beltza - Papamoscas Cerrojillo - Pied Flycatcher

Egunotan, zenbait Sasi-txinbo ikus daitezke sasien artean masustak eta beste baia batzuk jaten. Hauek ere, laister, Sahara hegoalderantz abiatuko dira negua igarotzera.

Sasi-txinboa - Curruca Zarcera - Whitethroat
Sasi-txinboa - Curruca Zarcera - Whitethroat
Sasi-txinboa - Curruca Zarcera - Whitethroat
Sasi-txinboa - Curruca Zarcera - Whitethroat

Aurreko bi espezieak uda garaian Plaiaundin bizi direla esango nuke; hurrengoak, berriz, bakarrik migrazio garaian ikus ditzakegu: Antzandobia (Alcaudón) eta Buztanzuria (Collalba).

Ostiralean bi Antzandobi Arrunt ikusi nituen futbol zelaiako aintzira ondoan. Ez ditut berriro ikusi; ziur asko, Afrika tropikalaruntz hegan egingo zutelako. Argazkikoa emea dela esango nuke.

Antzandobi Arrunta - Alcaudón Dorsirrojo - Red-backed Shrike
Antzandobi Arrunta - Alcaudón Dorsirrojo - Red-backed Shrike

Hurrengo Buztanzuria bukaerarako utzi dut, gaurko sarrera honen izenburuarekin zer ikusia baitu: Txoritara joateak txoratuta nauka. Txoriak edota hegaztiak begiratzeak eta identifikatzeak txoratzen edo engantxatzen duela esan beharrik ez dago; baino gainera, zenbaitetan, haien identifikazioarekin erotu gaitezkeela ere esango nuke.

Ostegunean bi Buztanzuri ikusi nituen. Hauek ere, Afrikarantz doazen hegazti migratzaileak dira. Kontua da, bati argazki batzuk atera nizkiola, zehatz-mehatz zein espezietakoa zen identifikatzeko asmoz. Logikoena, Buztanzuri Arrunta (Collalba Gris) izatea zen, noiz behinka, migrazio garaian, hemen ikusten baitira. Baina argazkiak ordenagailuan ikusi nituenean, txoriari Buztanzuri Arrunten bekain zuria falta zitzaiola konturatu nintzen. Orduan, ze demontre ote zen txori hura?

Buztanzuri Oria? - Collalba Rubia? - Black-eared Wheatear? 
Oenanthe hispanica?

Herviaseko Aintziran (Errioxan) udan atera nuen hurrengo argazkian, Buztanzuri Arrunt bat ikus daiteke. Plaiaundikoarekin antza badauka, baina gorpuzkera ezberdina erakusten du. Plaiaundikoak gorpuzkera  uzkurtua du (Buztanzuri Oriaren modura) eta, gainera, bekainik ez dauka.

Buztanzuri Arrunta - Collalba Gris - Northern Wheatear (Oenanthe oenanthe oenanthe)

Zalantzarekin bueltaka, azkenean, zenbait adituei galdetu genien. Askok, Buztanzuri Ori bat (Collalba Rubia) izan zitekeela esaten ziguten, baina Plaiaundin ateratako argazkia zela komentatzen genienean, zuhur bueltatzen ziren, ez baita inguru hauetan horrelakorik inoiz ikusi. Beraz, zalantzarekin jarraitzen dugu.

Buztanzuri Arrunta edo Oria? - Collalba Gris o Rubia? - Northern Wheatear or Black-eared Wheatear? 
(O. oenanthe vs. O. hispanica)
Buztanzuri Arrunta edo Oria? - Collalba Gris o Rubia? - Northern Wheatear or Black-eared Wheatear? 
(O. oenanthe vs. O. hispanica)
Buztanzuri Arrunta edo Oria? - Collalba Gris o Rubia? - Northern Wheatear or Black-eared Wheatear? 
(O. oenanthe vs. O. hispanica)

Azkenean, ateratako argazkien artean, txoriak buztana erakusten duen bat aurkitu nuen. Bertan, nahiz eta buztana irekita ez egon, Buztanzuri Oriarena ez dela iruditzen zait. Zinta distal beltzak osatzen duen eskalak hori pentsatzera bultzatzen dit eta.

Buztanzuri Arrunt Groenlandiarra? - Collalba Gris Groenlandesa? - Groenland Wheatear?
Oenanthe oenanthe leucorhoa?

Baina, orduan, zer arraio da txori hori? Buztanzuri Arrunta bada, zein subespeziekoa, oenanthe edo leucorhoa? Segur aski leucorhoa izango dela esan didate; hots, Groenlandian eta Kanadan hazten diren horietakoa. Migratzaile handia, benetan; Afrikara negua pasatzera joaten baita. 30 ordutan, gelditu gabe, 2.400 Km hegan egin dezake.

Hala ere, oso harrigarria da gure buztanzuri protagonistak bekainik ez izatea. Horregatik, oraindik zalantzak dauzkagu. Egokiena, txoriari azterketa biometriko bat egitea izango zen, baina hori orain ezinezkoa da. Beraz, Plaiaundin ikusi nituen buztanzuriak, momentuz behintzat, Buztanzuri Arrunt Groenlandiarrak direla esango dut, zenbait erreserbekin, noski.